XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez nozue harrapatuko! Ayh!.

Oihartzunak, paretetan joaz gu inguratu ginduzan, gero airean desegiteko.

Alkarri begiratu geuntsan.

Aldo barik, hiru baino ez ginan.

Berbetan hasteko keinua egin eban batek, baina isildu.

Ordurako, dana esanda egoan.

Urtenbide bakarra mendietarantz jotean zetzan, baina ez geunkan errezegi haraino inor konturatzeke heltzen.

Barriro isiltasun astun bat nagusitu zan, gure ezkutalekua eta aldameneko txabola guztiak bere magalean hartzen zituala.

Gutariko altuenak burua atara eban oholen tartetik, lotsati, aramusare imajinario bat zapuzteko bildurrez.

Zain gengozan barruan, gorputzak mogimendurik ezaz gogorturik, arnasea hartzea ia ahaztuta geunkala, zurrun.

- Ez dot inor ikusten.

Halan be, kontu handiz ibili beharko dogu.

Maltzurregiak dira.

Zelatan egon zanak urten eban lehenengo.

Eguzkiak begi minez agurtu ginduzan, eskuarekin estaltzera behartuz.